Kokapena eta historia
Kokapena eta historia
Historia
Tokia agirietan jasoa azaltzen denez geroztik, iadanik XIV. mendean, bere ibilbidea inguruko herriei loturik egin du. 1399tik 1695era bitartean, menpetasunean, Ordiziari batu zitzaion, inguru haietako hiribildu bakarra zenari. 1615ean Koroari hiribildu titulua erosi eta urte honetan bertan Itsasondo, Arama, Gaintza, Legorreta eta Zaldibiari uztartu zitzaien, Oria ibaiko Batura osatu zutelarik. Batura honen bitartez, probintziako Biltzar Nagusi eta Partikularretara ordezkaria igortzeak eragiten zituen gastuak ordaintzen zituzten. Batura 1845ean desegin zen.
Altzagak herri-barruti txikia du eta biztanleguneak oso eraikuntza gutxi ditu. Gehienak eliza inguruan lekutzen dira. Dirurik eza zela eta, 1966an ltsasondori erasteko eskari egin zuen; onartu egin zitzaion eskaria eta baturak hurrengo urtetik aurrera izan zuen indarrik. Aurtengo urtarrilean berreskuratu ditu udal-ahalmenak, Gipuzkoako lurralde historikoaren 87 zbk.dun udalerria delarik.
Biztanlegune honetako eraikuntza saila oso urria da, oro har, nekazal-etxeetara mugatua. Hauek herrian diren elizetxeen inguruan biltzen dira nagusiki. San Miguel Parroki-Eliza eta Altzagarateko Amaren baseliza agirietan, iada, XVI. mendez geroztik jasoak daude. Bada, gainera, herriko lehen erlijioetxea baseliza izan zela bizkartzen duenik ere. Bertan Andra Mariren taila dago, erromaniko itxurakoa.
San Miguel eliza, Gipuzkoako elizarik gehientsuenen antzera XVI. mendean handitu zela uste da. Handitze-lanak Migel Elizpuru hargin-maixuak burutu zituen. Nabe bakarreko eraikuntza da, inguruan ataria duena. Portada erdi-puntuko arku batek zabaltzen du. Barne aldean, arku karpanelaren gaineko korua eta erretaula, Idiazabalgo Parroki-Elizari erosi zitzaiona, nabarmentzen dira. Garai hartan, eliza ondoan etxe bakarra baizik ez zegoen, gainerakoan inguruko eremu menditsuetan sakabanaturik zeudelarik.
Herriko eraikuntzen artean Sarasola oinetxea, neurri handiko armarria duena, eta Mendiola baserria dira nabarmen; azken honek era honetako eraikuntzek duten oinarrizko tipologiari eusten dio, egurrak garrantzia handia hartzen duelarik: fatxadan ageriko bilbadurak, oholtzazko itxiturak.
Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundiak 1992. urtean argitaratutako 'Gipuzkoako Gidaliburu Historiko Monumentala'.