Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala
148. zenbakia
Data 2016-8-4
orria
ALTZAGAKO UDALETXEAN KOKATURIKO
LUDOTEKAREN ARAUDIA
Araudi honen xedea Haurren Ludoteka udal zerbitzua (2 urtetik aurrerako haurrei eskainia) arautzea da.
Zerbitzua udalak jestionatuko du, horretarako beharrezko diren monitoreak kontratatuta. Ludoteka udaletxeko goiko pisuan egokitutako lokalean instalatu da, ondoko haur parkean eta frontoi estaliaren ondoan.
Komunitate-zerbitzua denez, Ludoteka Altzagako haur guztientzat irekita dago, herri guztiaren beharrak ase beharko dituelarik.
Ludotekak izango dituen soslaia edo identitate ezaugarriak honako hauek izango dira:
a) Gure herriko haurrak jolastu eta elkar ezagutuz, izan dezatela hartu-eman zuzena. Bizi duten kultur giroa eta ingurunea ezagutzea eta herriarekiko lotura sendotzea. Aldi berean, gure hizkuntzak duen egoeraz jabeturik, erabiliko den hizkuntza euskara izango da.
b) Beste ludoteka batzuen esperientziak ezagutu eta alor honetan izaten diren aurkikuntzak aplikatu ahal izango dira.
d) Behar fisikoei erantzuna eman, hala nola, sormena lantzea, jolas egitea, lagun berriak egitea etab.
1. artikulua.
Honako hauek izango dira Ludotekaren identitate ezaugarriak:
a) Zentroaren funtzionamendua demokratikoa eta anitza da, ludotekaren helburuak lortzeko funtsezko protagonista izango dira gurasoak eta hauen partaidetasuna bultzatuko da. Zerbitzua ematen den ziklo bakoitzean gurasoen partetik 2 arduradun izendatuko dira monitoreekin hilean behin biltzeko.
b) Ludotekaren hizkuntza euskara izango da eta hizkuntza horretan hitz egingo zaie baita ama-hizkuntza euskara ez duten haurrei ere.
d) Ludotekan parte hartu ahal izateko aurrematrikula edo eskaria egin beharko da. Eskaera egin gabeko haurrik ez da ludotekan onartzerik izango.
e) Monitoreek jardueren eta ekintzen taula eta egutegi bat egingo dute, eta izendatutako guraso arduradunen oneritzia jaso ondoren, antolatutako jardueren eta ekintzei buruzko erabakiak hartuko dituzte.
2. artikulua.
Ludotekan plaza eskatzen dutenek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
— Eskaera-orria behar bezala beteta ekarri.
— Bi urte beteta eduki.
— Familia herrian bizi izatea.
3. artikulua.
Ludotekako iraupena urte bakoitzeko urritik hurrengo urteko ekaina bitarte luzatuko da.
4. artikulua.
Onarpenerako irizpideak:
Altzagan erroldaturiko umeak Ludoteka honen onuradunak izango dira.
Haurren matrikula urtero egin beharko da, dagokion tasa ordainduz.
5. artikulua.
Bi urtetik 12 urte bitarteko haurrak onartuko dira.
6. artikulua.
Zerbitzuaren orduak: larunbatean goizeko 10etatik eguerdiko 1era izango dira.
7. artikulua.
Ludoteka zerbitzua urteko 20 € izango da. Antolatzen diren irteera eta ibilaldien gastuak aparte ordainduko dira.
8. artikulua.
Kontutan izanik haur guztien ardura 1-2 monitoreen kargu egongo dela, irteerak eta ibilaldiak egiten direnean gurasoen parte hartze zuzena beharrezkoa izango da, batetik garraioa egin behar delako eta bestetik leku zabalagoak izanik, monitoreek ezingo dutelako haur guztien zainketaz arduratu. Irteerak burutzen direnean ere, monitorearen esanetara egongo dira haurrak eta laguntzera joan diren gurasoak ere.
Irteerak egiten direnean, haurrak 2 taldetan banatuko dira:
1) 2 urtetik eta 3 urteko haurrak, monitorearen kargu egongo badira ere, irteerak antolatzen direnean zaintzaile bat eraman beharko du haur bakoitzak irteeran parte hartu ahal izateko.
2) 4 urtetik gorakoek zaintzailea eraman edo ez gurasoen erabakia izango da.
9. artikulua.
Haurraren hezkuntzarekin harreman zuzena dutenak gurasoak direnez, Ludotekak komeni den moduan funtzionatzeko behar den kudeaketan gurasoen partaidetza bideratuko duten organo eta bideak sustatuko dira, ludotekaren funtzionamendua ludotekako monitorearen esku dagoen arren.
Udalak zerbitzuaren identitate-ezaugarriak eta helburu nagusiak betetzen direla egiaztatuko du eta behar den guztietan bilduko da zerbitzua aurrera eramaten duten monitoreekin, sortzen diren arazoak konpontzeko.
10. artikulua.
Ahal izanez gero eta Ludotekaz arduratzeko beharrezko baldintzak betetzen badituzte, monitoreak Altzagakoak izatea ikusten da egokiena.
Udalak urtero deialdia egingo du, interesaturik daudenak ludoteka zerbitzuko monitore zerbitzuan aritzeko izena emateko.
Eskatuko da:
18 urte beteta edukitzea.
Altzagan bizi eta erroldatuta egotea.
Monitore tituloa edo antzeko ikasketak izatea.
11. artikulua.
Funtzionamendu arauak:
a) Orokorrak:
1. Ludotekako funtzionamendu orduak guztiek errespetatu beharko dituzte eta puntualtasuna zaindu, haurrak ekartzerakoan eta jasotzerakoan ere.
2. Egin beharreko zenbait jardueratan erabili ahal izateko, haur bakoitzak mantal bat ekarri beharko du.
3. Aurreikusitako helburu, programa eta zerbitzuak gutxienez urtero gainbegiratuko dira, egoeraren bat aldatzea gomendagarria ikusten bada.
4. Asistentzia-hutsegiteak haurrak etortzerik ez dutenean (gaixotasuna edota beste arrazoi bat medio) monitoreari jakinaraziko diote ahal den azkarren.
5. Ludotekan ez dira onartuko gaixo dauden haurrak, gaixotasun hori gainerako haurrekin elkar bizitzeko oztopo ez dela egiaztatu ezean.
12. artikulua.
Monitoreak gurasoei bere haurrei buruzko aipamenik egin beharko balie, ludoteka zerbitzuko orduez aparte egin beharko du, gurasoei bakarka deituta.
13. artikulua.
Hilabete bakoitzean gurasoen ordezkariak eta monitoreak elkartuko dira, ekintzak antolatu eta ludoteka zerbitzuari buruzko balorazioak hausnartzeko eta horren berri emango zaio udalari.
Azken Xedapena.
Urtarrilaren 26ko batzarrean aldatutako araudi hau, 7/85 Legearen 70.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera sartuko da indarrean eta aldatzea edo ezereztea erabakitzen ez den bitartean indarrean jarraituko du.
Altzaga, 2016eko abuztuaren 1a.—Alkatea funtziotan.