Altzagako Udalak Iraunkortasunerako Ekintza-plan
berriaren osaketari ekin dio
Altzaga iraunkorrago bat helburu izango duen plangintza-dokumentua Agenda 21eko II. Ekintza-plana izango da
Elkarrekin 21 aholkularitza-taldearen laguntzaz burutuko dira lanak eta Tokiko Agenda 21 prozesuaren jarraipena eta eguneratzea hartuko ditu, egungo herriko beharrei behar bezala erantzuteko.
Lehen partaidetza-saioak abenduan
Altzagako Iraunkortasunerako II. Ekintza-plana dokumentuaren osaketa diagnosi fasetik abiatuko da, alegia, herriko errealitatearen esparru ezberdinen azterketatik. Lehen urrats honetan 4 elkarrizketa-saio antolatuko dira herriko eragile ezberdinekin (gazteak, gurasoak, 3. adinekoak eta baserritarrak) abenduan zehar. Lehen partaidetza saio hauen helburua herritar-kolektibo ezberdinen pertzepzioa hurbiletik jasotzea izango da.
2017ko udaberrian, Iraunkortasunerako Ekintza-planaren osaketarako lehen Herri-batzarra antolatzea espero da, eragileei eta herritarri zabalik egongo dena. Saio honen helburua Ekintza-plana osatuko duten ekintzak proposatu eta adostea izango da.
Diagnositik Iraunkortasunerako Ekintza-planera
Altzagako egoeraren azterketak egungo errealitatearen isla izango den argazkia ateratzeko baliatuko du. Horretarako, azterketa dokumentalaz gain, herriko hainbat gizarte-eragilerekin ere bildu asmo du Udalak, Iraunkortasun-plan berriari ekarpenak egiteko.
Ondoren, argazki horretan sumatzen diren gabezia edo beharrei aurre egiteko dokumentua osatzeko fasea abiatuko da, udaleko, udalaz gaindiko eragileen eta Altzagako herritarren partaidetzarekin. Dokumentu hau Altzagako Iraunkortasunerako II. Ekintza-plana izango da, udalerri iraunkorrago bat helburu izango duen plangintza-dokumentua, Udalak, herriko eragileekin batera, urtez urte burutuz joango dena.